Alberto Bargos, Dolores Ibarruriren etxetik gertu, non horma-irudi batek bera gogoratzen duen. Argazkiak: Yvonne Iturgaiz
«Pasionaria Euskal Herriak eman duen emakumerik garrantzitsuena da, esparru politikoan behintzat»

«Pasionaria Euskal Herriak eman duen emakumerik garrantzitsuena da, esparru politikoan behintzat»

Alberto Bargosek Dolores Ibarruriren bizitzara hurbiltzen gaitu 'Pasionaria. Bere bizitza' lanean. «Izugarrizko lana egin zuen gizonen mundu batean», dio idazleak

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Viernes, 5 de julio 2024, 00:32

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Opciones para compartir

Alberto Bargos Cucók (Bilbo, 1965) apirilean argitaratu zuen 'Pasionaria. Bere bizitza' liburua, Beta argitaletxearen eskutik. Euskaraz idatzitako irakurketa errazeko lana da, 80 orrialdetan Gallartan jaiotako Dolores Ibarruriren (1895-1989) bizitzara hurbiltzen gaituena, «zalantzarik gabe XX. mendeko Bizkaiko erreferente garrantzitsuenetako bat», autoreak dioen bezala.

Mendizale amorratua eta bizikletazalea, idazle, ipuin-kontalari eta Lehen Hezkuntzako irakasle-ohi honek gustu onez onartu zuen Espainiako alderdi politiko bateko lehen emakume buruzagi honen bizitza modu errazean kontatzeko erronka. Izan ere, bera Muskizen hazi zen, Ibarruri bere etxetik oso gertu bizi zen bitartean, eta horrek bere historia oso ondo ezagutzea suposatu du.

Hamalau liburu inguru argitaratu dituen eta bere burua Enkarterriko bizilagun gisa definitzen duen autore honen helburuen artean, meatzaritzaren garaia aldarrikatzea dago, baita Ibarruri liluratu zuten sozialismoaz eta komunismoaz hitz egitea ere. Eta argi dauka 'Pasionaria. Bere bizitza' lana euskara ikasten ari diren pertsonentzat, ikasle gazteentzat eta helduentzat egokia dela, betiere bere haurtzaroa, gaztaroa eta familia-bizitza nolakoa izan zen jakin nahi badute.

Horrela, Elena Cioirdiaren marrazkiak dituen proiektu honen sortze-prozesuaz hitz egin dugu berarekin; eta, bide batez, Gontzal Mendibilen ahotsa daraman audioliburuari buruz. Azken hau eskuratu nahi dutenek modu independentean eskatu behar dute.

-Nor izan zen Pasionaria?

-Dolores Ibarruri Gómez, Pasionaria, Gallartan jaio zen 1895ean, meatzarien familia batean. Gaztetan irakasle-ikasketak egin nahi izan zituen baina etxean ez zeukaten behar beste diru. Meatzari eta sozialista amorratu batekin ezkondu zen, eta pobrezia gorrian bizi arren, mundua alda zitekeela uste zuen. Xede hau lortzeko komunista bihurtu eta egunkarietan idazten hasi zen, eta bere lehenengo artikulua Pasionaria ezizenez sinatu zuen.

Bigarren Errepublikan diputatua izatera heldu zen, baina 1936an, Gerra Zibila hasi zen eta Errepublikako milizianoen alde borrokatu zuen. Azkenean, Franco jeneralaren faxistek gerra irabazi zuten, eta berak bere herrialdetik alde egin behar izan zuen. Kanpoan zegoela, Espainiako alderdi komunistako buru aukeratu zuten.

Ondoren, demokrazia berpiztean, Pasionariak bere herrira itzultzea lortu zuen, eta berriro diputatu hautatua izan zen. Mitin askotan ibili zen eta etengabe idazten jarraitu zuen. 1989an, 93 urte zituela, agur esan zigun.

«Ibarrurik izugarrizko lana egin zuen gizonen mundu batean»

-Oso pertsonaia garrantzitsua.

-Nire ustez, Euskal Herriak eman duen andrerik inportanteena, politika munduan behintzat. Orain bogan dagoen feminismo delako horretan izugarrizko lana egin zuen gizonen mundu batean, eta aldarrikatu behar den bizitza da, pobrea izatetik emakume meatzaria eta politikaria izatera ailegatu zelako. Berari tokatu zitzaizkion denborak oso gogorrak izan ziren pobrezi gorrian bizi zirelako, meatzaritza bortitza zelako… Eta, hala ere, hortik ateratzea lortu zuen.

Hori gutxi balitz, uste dut meatzaritzaren garaia eta historia argitara atera behar dugula. Adibidez, Leketio edo Bermeora zoazenean, beraiek oso harro daude arrantzaleak direlako eta itsasoarekiko harremana daukatelako, eta guk harro egon beharko genuke meatzariak garelako eta burdinarekiko harreman hori izan dugulako.

Alberto Bargosek bere lana erakusten du Dolores Ibarruri bizi izan zen etxearen aurrean.
Imagen principal - «Pasionaria Euskal Herriak eman duen emakumerik garrantzitsuena da, esparru politikoan behintzat»
Imagen secundaria 1 - «Pasionaria Euskal Herriak eman duen emakumerik garrantzitsuena da, esparru politikoan behintzat»
Imagen secundaria 2 - «Pasionaria Euskal Herriak eman duen emakumerik garrantzitsuena da, esparru politikoan behintzat»

-Nola iritsi zitzaizun berari buruz idazteko aukera?

-Argitaletxetik deitu zidaten bazekitelako nik Pasionariaren bizitza ezagutzen dudala, ondoan bizi izan naizelako. Nik ez dut bera ezagutu, jakina (bueno, noizbait bai ikusi nuela, egia esan), baina gertu izan ditut meatzaritzaren historia eta garai horietako nondik norakoak. Beraz, euskalduna naizelakoan, irakurketa erraza formatuan egiteko eskatu zidaten, eta aurrera atera da gauza.

-Eraginkorra da irakurketa errazaren formatua?

-Bai, historia pixka bat demokratizatzen dugulako. Azken batean, agian zuk ezin izango duzu López de Salazarren biografia irakurri, baina norbaitek folio batean laburbiltzen badizu, Bizkaiko lehen kronikagilea, edo lehen historialaria, izan zela jakingo duzu.

«Erdaratzeko eskatu didate»

-Zer aurkituko du irakurleak lan honetan?

-Pasionariari buruzko biografia guztiak hartu ditut, baita hortik entzundakoa ere, eta bertan guztia biltzen saiatu naiz, ondo zehaztuta. Bost-sei liburutan oinarritu dut nire lana (tartean berak idatzitako 'El único camino' autobiografian ere), eta bere haurtzaroa, nerabezaroa, eskontzeko garaia eta seme-alabak izandako garaien anekdotak jarri ditut, hor irakurleak modu erraz batean jaso ahal izateko. Noski, ezin zen falta noiz eta nola sartu zen sozializmoan, eta gero komunismoan, guda eta abar. Hau da, bere bizitzaren une garratzitsuenak.

-Zer irakurle motari dago zuzenduta?

-Euskara ikasten ari diren pertsonei, institutuetako ikasleei (DBH eta Batxilergoa), gazteei eta, noski, helduei. 'Pasionaria. Bere bizitza'n bere ibilbide osoa nolabait laburtu egin dugu, oso modu zuzenean (eta batzuetan dibertigarrian ere bai!). Beraz, irakurketa errazeko liburu honi esker asmo polit bat atera dezakegu Pasionariari buruz, eta ni oso harro nago kontatzen duguna egi hutsa delako.

-Harrera ona izaten ari da?

-Bai, dagoeneko Santutxu, Gallarta eta hainbat udalerritako irakurketa klub ezberdinetatik deitu didate hara joateko, eta AEK eta institutu ezberdinetako hainbat irakaslek euren ikasgeletan ere irakurriko dutela aurreratu didate. Beraz, datorren urteari begira asko mugituko da liburua. Dena den, jende guztiak erosteko 19 euro ez dituenez, liburutegietan ere eska dezaketela gogoratu nahi dut.

-Euskal hiztunek baino ezin dute lan honetaz gozatu, ezta?

-Momentuz bai. Beta argitaletxeak dirulaguntza bat jaso zuen euskaraz argitaratu ahal izateko, baina dagoeneko hiruzpalau lekutatik erdaratzeko eskatu egin digute eta ziuraski udazkenean gaztelaniara itzuliko dugu, orain oso lanpetuta bainabil (kar, kar).

«Orain, Pasionariari buruzko musikal bat egin nahi dugu»

-Zenbat denbora eman zenuen idazten?

-Gutxi gorabehera bi hilabete eman nituen liburu hau idazten (lauzpabost ordu egunero). Dokumentatzen askoz denbora gehiago, noski, baina kontua da Pasionariaren bizitza jada ezagutzen nuela eta bere biografiak irakurriak nituela. Eta hori bazekiten argitaletxean.

-Proiektu honek, gainera, hanka ezberdinak ditu.

-Bai, Elena Ciordiak ilustrazio bikaiak egin ditu, eta audioliburua Gontzal Mendibilena da. Orain, Pasionariari buruzko musikal bat egin nahi dugu, izan ere, Gontzal Mendibilek Arrupe, Iparragirre eta beste zenbait pertsonaia arrakastatsuri buruzko musikalak egin ditu eta hau izango litzateke emakume bati eskainitako lehenengoa. Beraz, hor gabiltza, lehenengo asmoekin: bera gidoi bat egiten, eta ni hemengo politikariekin hitz egiten ea diru pixka bat lor dezakegun.

Gizon polifazetikoa

-'Pasionaria. Bere bizitza' alde batera utzita, beste libururen bat badaukazu aurreikusita?

-Bai, orain '26 recorridos a ermitas de leyenda' izeneko lan bat entregatzera noa (kasu honetan, Sua editorialarentzat eta gaztelaniaz), non Euskal Herri osoko hogeita sei ibilbide erakutsiko ditudan. Horretarako, ibilbide bakoitza egin behar izan dut, eta baseliza bakoitzaren historia dokumentatu. Neketsua izan da, baina oso polita.

-Amaitzeko, hitz egidazu zuri buruz?

-Ezkonduta nago, bi seme-alaba ditut, hamabost urte daramatzat autokarabana berdinarekin eta ez dut besterik behar: lasaitasuna, liburu bat, maitasuna sentitu, jendearengandik hurbil egon eta ardo bat. Lehen Hezkuntzako maisua izan naiz 33 urtez, eta aurten, 58 urte bete ditudanean, utzi egin dut eta autonomo bezala jarri naiz, nire gauzak egiteko, ikusten baitut bizitza badoala eta hainbat gauza egin behar ditudala.

Badauzkat hamalau bat liburu argitaratuta eta beste hiruzpalau eginda, baina argitaratu gabe, eta nahiz eta gehienak haur eta gazte literaturako lanak diren, nobela batzuk ere idatzi ditut. Halaber, idazteaz aparte, ipuin kontalaria naiz, irakurketa tailerrak ematen ditut euskara taldeekin eta umeekin, eta beste zenbait proiektutan nago sartuta: esate baterako, Alez ale Gobernuz Kanpoko Erakundean zeinarekin hitzaldiak, erakusketak eta tailerrak egiten ditugun...

Gainera, duela bederatzi hilabete jauzia egin nuenetik, denbora daukat beste hainbat gauza egiteko: kirola, irakurri, gurasoak zaindu, etab. Egia da dirua murriztu egin zaidala, baina, nire ustez, zenbat eta gutxiago behar, hobeto; eta oso pozik nago.

Publicidad

Reporta un error en esta noticia