Aurtengo Donostia, Getxo eta Vitoria-Gasteizko jazz jaialdien kartelak.
Jazzaren irudikapena jaialdien karteletan
Territorios

Jazzaren irudikapena jaialdien karteletan

Irudigile eta artistek musika honen ezaugarriak ikusarazten dizkigute, euren lanen bitartez

Josean Morlesín Mellado

Sábado, 6 de julio 2024, 00:43

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Opciones para compartir

Udarekin batera, urtero bezala, askotariko jaialdiak datoz hiri eta herrietara jai-giroa gurera ekartzeko asmoarekin. Musikari dagokionez, jazz generoaren kasuan hiru topaketa adierazgarri azpimarra ditzakegu: Getxo Jazz, Vitoria-Gasteizko Jazz Jaialdia eta Donostiako Jazzaldia. Ekitaldia bera iragartzeko, jaialdi horien tradizio luzean sendo finkatutako ikusizko mezu nabariena kartela dugu. Entzumenaren bitartez goza daitezkeen doinuen mamia begietara bideratzeak badauka nolabaiteko izaera sinestesikoa. Aipatutako jaialdien edizio bakoitzeko irudia sortu dutenek estrategia eta ikuspuntu ezberdinak jarraitu dituzte jazzarekiko hurbilketa pertsonala egiterakoan. Hori bai, leitmotiv grafiko errepikakorrak ageri dira proposamen askotan, hala nola, kolore bizien alaitasuna, itxuraz inprobisatuak diruditen konposizioak eta musika tresna jakin batzuen irudikapenak (saxofoia, tronpeta edo pianoa, kasu). Hauek dira konbentzioz jazz generoari maiz lotzen zaizkion ezaugarri identifikagarriak, askotan sailkaezina den musika kontsidera daitekeen arren.

Asteazkenean hasi zen Getxo Jazz-en 47. edizioa igandera arte (uztailak 7) luzatuko da. Aurtengo kartelaren egilea Igor Sarralde ilustratzaile getxotarra dugu. Bere proposamen jendetsuak Christophe Blain edota Blutch komikigile frantziarren trazuak eta azken horren kolore konbinazioak dakartza burura. Jende-taldeak osatzen duen formak kontraste handia eratzen du kartelaren hondo zuriarekin. Lehen planoko saxofoi-jotzaile eta piano-jotzailearen atzean, pixkanaka urrunduz, musikari multzo handia zabaltzen da: instrumentistak gehienak eta abeslari bat ere, jatorri afrikarra duen emakume bat hain zuzen. Tartean, Getxoko Sirenoari (Marcos Lopezen instalazio artistikoa) keinua egiten dion pertsonaia aurkituko du behatzaile zorrotzak. Bestalde, Portu Zaharreko arrantzale eta sardina-saltzailearen eskulturak iradokitzen dituzten bi silueta ñimiñoek jendetza koroatzen dute urruntasunean. Trazua eta konposizioaz gain, kolorea ere oso modu trebean erabiltzen du Sarraldek. Konbinazioa orekatua den arren, koloreen arteko kontraste leuna pertsonaiak bereizteko baliagarria zaio, osotasunean lortzen duen kohesio kromatikoa galdu gabe.

Hau ez da irudigile honek musika jaialdi bat irudikatzen duen lehen unea. Bere Instagram kontuan Getxo Folk, Primavera Sound eta Getxo Jazz-en aurreko edizioaren kontzertu eta une berezietan oinarritutako marrazki bikainak ikus daitezke.

Uztailaren 15etik 21era bitartean, Vitoria-Gasteizko Jazz Jaialdiak bere 47. edizioa ospatuko du ere. Kasu honetan, kartela David Gotxikoa diseinugile arabarrak gauzatu du. Konposizioaren ardatza jazz hitza da eta, horrenbestez, kontzeptua bera. Zehazkiago, jazz hitzaren a eta z letrak 4 eta 7 zenbakien bitartez ordezkatu ditu, ekimenaren edizio-zenbakiarekin bat eginez. Horrelako eraldaketa trebeak diseinu grafikoaren arloan sarritan ikus daitezke eta hartzaileari mezu grafikoa modu berritzaile, interesgarri zein limurtzailean helarazteko helburuarekin egin ohi dira. Letrak pieza geometrikoen bitartez osatu ditu Gotxikoak, stencil edo txantiloiz margotutako formen itxura emanez. Estanpazioaren aztarna nabaria da, honen ondorioz hizkien ingerada apurtu delako eta tintarik gabeko zatiek ehundura esanguratsuak bistaratzen dituztelako. Letrak estuak dira proportzioz, trazu lodikoak, XIX. mende amaierako kartelgintzan hedatu zirenen modukoak. Ezaugarri horiei esker begia jotzen dute bete-betean. Ez hori bakarrik, jazza sortu zen garaiari ere egiten diete erreferentzia. Konposizioak sortzen duen ikusizko inpaktua koloreen arteko kontrasteak borobiltzen du. Laranja eta urdin aseak, biak kolore osagarriak, ederki konbinatu ditu diseinugileak. Aipatzekoa da gainontzeko testuen antolaketa, sigi-saga egiten baitute, jazz hitzean bi aldiz presente dagoen z letraren trazuen antzeko norabideak iradokiz.

Gotxikoak gogora ekartzen dizkigu Reid Milesek Blue Note diskoetxearentzat egindako diseinuak

David Gotxikoak tipografia eta letrekin egindako lanak baditu Reid Miles diseinugileak Blue Note diskoetxerako egin zituen diseinuekin hainbat antzekotasun. Milesek garrantzi handia ematen zion tipografiari eta honek konposizioan sor zezakeen indarrari. Letren errepikapenekin, zurrunak ez ziren antolaketekin edota esajerazio grafikoekin hainbat proposamen egin zituen 1950 eta 1960 hamarkadetan zehar lehen aipatutako diskoetxerako, jazz musikan espezializatuta zegoena. Ehunka disko-azalen egile honen lan berritzaile eta jostalaria, garai hartako jazzaren identitate grafikoaren ardatza izateaz gain, inspirazio-iturri emankorra da oraindik ere egungo sortzaileentzat.

Sustrai afroamerikarrak

Gasteizko jaialdia amaitu ondoren, Donostiako Jazzaldiaren txanda izango da uztailaren 23tik 28ra bitartean. Aurtengoa 59. edizioa dugu eta kartela Detritus artista donostiarraren lana da. Aipatzekoa da lan honetan irudia eta testua eskuz eginda daudela, beste diseinu askotan osagai horien artean ikus ditzakegun ezberdintasun formal eta teknikoak murriztuz. Hortaz, ezin hobeto elkar lotzen dira hemen ilustrazioa eta hizkiak. Nabarmenki piktorikoa den planteamendu honetan pintzelkada da nagusi. Izan ere, Detritusek 1980. hamarkadatik aurrera aktibismoa ikuspuntu artistiko eta grafikoaren bitartez lantzean zehaztu zuen estiloari jarraipena eman dio. Horrez gain, kartelak bere gaztaroko oroitzapenetan du jatorria, konkretuki, jazzaldiak zuen ahalmen eraldatzailean, kaleko musikak eta kartelek hiriaren ohikotasuna apurtzen zuten eta.

Abesten ari den emakume beltz baten aurpegian zehazten da batez ere enkoadraketa. Gogora dezagun antzeko pertsonaia bat Igor Sarralderen kartelean ere agertzen dela. Ez da kasualitatea. Izan ere, horrelako irudikapenek jazzaren sustrai afroamerikarrak azpimarratzeko balio dute. Konposizioaren erdialdean, tamaina txikiagoan, saxofonista bat dago, apur bat makurtuta. Saxofoitik ateratzen den soinua ikusgai bihurtzen da kolore hori biziari esker. Lan hau azaltzerakoan, Detritusek aipatu zuen kartelaren izenburua margotutako abeslariak abesten duen testua dela eta beste hitz batzuk jasotzen dituzten laukizuzenen kolore berdeak saxofoiaren nota altuak iradokitzen dituela. Oso interesgarriak dira soinua eta musika irudikatzeko erabili dituen baliabide horiek, artikulu honen hasieran aipatutako eragiketa sinestesikoen adibide argiak baitira.

Urteetan zehar eta edizioz edizio, sortzaile askok jazz jaialdien kartelak egin dituzte. Artea eta sorkuntza grafikoa musikarekin behin eta berriro uztartuz doaz ekitaldi hauen urrats berri bakoitzarekin. Musika genero honek duen ukitu jostalaria eta doinu inprobisatuen freskotasun apurtzailea ikusizko zeinuek ederki bistarazten dizkigute. Goza dezagun jazz musikaz diseinuak eta irudigintzak aurreratzen diguten jai-giroaz inguratuta.

Publicidad

Reporta un error en esta noticia