Cortan la N-240 en Barazar dirección Bilbao por un accidente con cuatro heridos
Maleten burrunba
AsteRkaria

Maleten burrunba

Aster Navas

Lunes, 8 de julio 2024, 14:15

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Opciones para compartir

Betidanik, herrialde eta hiriak beste zibilizazio batzuek inbaditurik izan dira. Kolonizazioa odoltsua -bandaloak, alanoak- edo zibilizatuagoa -feniziarrak- izan zitekeen, eta bertako kultura alda zezakeen, baita ezabatu ere. Zaldiz gerturatzen ziren horden oihartzunak inbasioaren berehalakotasuna iragartzen zuen; zeruertzean sumatzen zen ontzidi mehatxariak, mugan garatzen omen ziren ustezko maniobrek. Ezpaten talkarekin, bolboraren dunbotsarekin eta populazio zibilaren garrasiekin burutu egiten zen. Jatorrizko biztanleak erbesteratzen edo eremu periferikoetara lekualdatzen ziren kanpotarrak haien egoitzetan bizitzeko. Prozesua ez da gehiegi aldatu, gaur egun inbasioak egunero gertatzen direnean izan ezik eta oraingoan indarrez sartzeari etxebizitza turistikoa deitzen diogula. Gaur egun -hori da alderik handiena- okupazio horiek udaro gertatzen dira: barbaroek goizero hartzen ditugu Donostia, Bartzelona, Venezia, Budapest, Porto, Lisboa, Erroma… Jadanik ez dira entzuten ez zaldien apatxik, ez sableen hotsik, baizik eta, gau eta egun, kaleetan arrastaka daramatzagun ehundaka, milaka maleten burrunba.

Dubrovnikek gurpildun maletak debekatu egin ditu bere alde zaharrean. Eremu historikoko galtzada-harrietan sortzen duten kutsadura akustikoa eta zarata jasanezina dela argudiatuz. Oso bitxia da maleta hitza. Bere izenari ohore eginez, hitz bidaiaria da. Nederlanderatik -«maal»- dator «larruzko poltsa» adierazeko; handik frankora -«malha»- pasatu zen, eta frankotik ingelerara -«mail»- eta frantsesera, «malle». Atzizki txikigarri bat baino ez zitzaion falta «malle-te» osatzeko.

Gure «bidaian» «bide» eta gaskoiko «biadje» uztartzen dira. Azken etimo hori katalanez «viatge» bilakatu zen. Bere jatorria latina da: viaticum (bidaiarako prestakuntza, ibilaldia).

Hori guztia kontatzen dizuet joan den astean, oporrak prestatzen ari nintzela, ulertu nuelako bidaiatzeak galdu egin duela «via»-ren, bidearen jatorrizko ehuneko handia; bidaiak, gaur egun ulertzen ditugun bezala, ia helmugan hasten direla. Ordu gutxitan Londresen edo Bratislavan gaude; hogeita lau ordutan beste kontinente batean egiten dugu lo. Etxeko egongelatik hoteleko logelara, Machu Picchura, Kanoi Handira goaz tita batean. Igarobide horretan, asko jota, jet lag pixka bat edo ordutegi-aldaketa sentitzen dugula.

Bidaztia, -«Zeta»-n Bariccoren eleberrian bezala- aberasturik itzultzen zen, jakintsuago, helduago. Batzuetan -«Sommersby» izeneko filmean bezalaxe- sakonki aldaturik; beste pertsona bilakaturik. Eta ez hainbeste helburuagatik, baizik eta ibilbideagatik, helmugara heltzeko bizitako norbanako gorabeherengatik .«-Saiatu bidea luzea izan dadin» -aholkatzen digu Cavafisek 'Itaka' olerkian baina ez diogu jaramonik egiten.

Gaur egun, Dubrovnik edo antipodetatik itzuli eta maletak hustu eta bezain laster errutinari, betiko erritmoari heltzen diogu. Ezer gertatu izan ez balitz bezala. Erabat osorik.

En fin

Reporta un error en esta noticia